JOSU BEAUMONT BARBERENA 1992ko ekainean atxilotu zuten Bordelen, eta 8 urteko gartzela-zigorra ezarri zion Parisko Auzitegiak.
Datorren martxoaren 16an zigorra bukatuko du, eta, Espainiar Estatuak bere aurka inolako estradizio-eskaerarik bideratu ez duen arren (beraz, ez dago bere aurka inolako prozedura judizialik), beldur gara Frantziar Estatutik Espainiar Estatura kanporatua izango ez ote den eta Guardia Zibilaren eta Polizia espainolaren eskutan jarriko ez ote duten.
SENIDEAK-etik neurri horiek legezkoak ez direla, eta, gainera, Giza Eskubideen Europar Hitzarmenaren 3. artikulua urratzen dutela salatu nahi dugu; aipatu artikuluan adierazten denez, INOR EZ DA TORTURAK EDO TRATU TXARRAK JASAN DITZAKEEN HERRIALDE BATERA ENTREGATUA IZANGO, eta hainbat eta hainbat salaketek baieztatzen duten bezala, posibilitate hori ohiko errealitate triste bilakatzen da Espainiar Estatuan, prozedura honen bidez kanporatutako euskal errefuxiatu guztiek jasandako tratua kontuan hartuz (ikus Eranskina).
Halaber, salatu nahi dugu Frantziar Estatuak legalitateari entzungor egiten diola bere komenientziaren arabera. Honen adibiderik argiena Jose Domingo Aizpuruaren kanporaketaren (1994-02-06) ondoko adierazpen judiziala dugu: bertan neurri honen legezkotasun eza azpimarratu bazen ere, jakinarazi zuten apustu politikoa izan da euskal preso politiko oro, zigorra bete ondoren, Guardia Zibilaren edo Polizia espainolaren esku uztea.
Iruñean, 1998ko urtarrilaren 26an.